Inprimatu

TIRA MANZANILLA
 

XXI. mendeko osasunaren erronkak: laguntzetako kalitatea eta lan duina

LAB sindikatuan uste dugu badela garaia ratio profesionalen auziari ekiteko; bada garaia arau batek laguntza ratioak ezar ditzan. Helburu bikoitz batekin: laguntzak kalitatezkoak izan daitezen, eta enplegua duina eta egonkorra izan dadin.

Egungo ereduak behin eta berriz erakutsi digu ez dela eraginkorra. Gaizki antolaturiko ekipoek ezberdintasunak sortzen dituzte profesionalen artean, eta horrek desorekak sortzen ditu lanetan eta laguntzetan, gehiegizko desproportzionaltasuna dela-eta. Makillatu gabeko benetako kalitate estandarrak lortze aldera, nahitaezkoa da araudi bat, profesionalen arteko ekitatea erregulatuko duena eta plantillak lan kargaren arabera egoki antolatuko dituena.

Aitzindariak izan beharko genuke ratioen lege baten garatzean, plantilla finkatzeko eta zerbitzu publikoen kalitatearen alde egiteko, interes politiko, ekonomiko edo bertzelakoen gainetik. Osasun zerbitzuen ikuskera neoliberalek sor dezaketen aldakortasunaren lekuko gara, Espainiako Estatuarekin egiten diren konparazio partzialak gorabehera.

Gure osasuna blindatu behar da, abagunea edozein dela ere, eta lege batek arautu behar du zenbat profesionalek artatu behar dituzten sistemako erabiltzaileak. Lege horrek laguntzen lanak eta kargak izan behar ditu irizpide, gehiengoaren lan baldintzak okerragotu eta gutxi batzuen pribilegioak bilatzen dituzten interes korporatibistak alde batera utzita.

Badaude adibideak; badira ratio legeak enplegu egonkorra ugaritzen lagundu dutenak. Eta horrekin batera handitu da kalitatea, eta txikitu da heriotz tasa, eta plantillak fidelizatu dira, eta osasun zerbitzu publikoa osatzen duten langile guztien gaitasun profesionalak egoki garatzen ahalbidetu da.

Azterketa sakona egin behar da Osakidetzako eta Osasunbideko osasun zerbitzuak osatzen duten langile beharren gainean, asistentzialena zein laguntza asistentzialekoena.

Ez dezagun ahantz osasunaren pribatizazioak -externalizazioen bidez modu zuzenean egiten dena, zein kudeaketa klinikoko unitateen bidez zeharka egiten dena- gutxi batzuen pribilegioak blindatzen dituela gehiengoaren kaltean, batez ere, artaturiko pertsonen kaltean.

 

Hasiera